XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Antzeko zerbait gertatu da, neurri apalagoan bada ere, aho eta idatzizko komunikabideetan: liburugintzan, aldizkari euskaldunetan eta diskogintzan hazkunde nabarmenak lortu dira azken urteotan.

Beste aldetik, eta irrati gehienetan alboko gauza izan arren, ohargarria da irrati-sailean ere, kalitate eta kantitatez, euskarak hartu duen maila.

Ezin gauza berdinik esan telebistaz euskara guztiz baztertua bait dago handik.

Hau genuke, beraz, euskarak daukan gaitzaren diagnostikoa; erradiografiak garbi azaltzen ditu, bere argi-itzaletan, azterketaren emaitzak.

NORMALIZAZIO LINGUISTIKORANTZ Baina jakina, eta mediku-hizkeran jarraituz, diagnostikoa egin ondoan tratamenduari ekin behar zaio; hau da, euskara berreskuratzeko neurri egokiak hartu behar dira orain.

Helburuak, ezin bestean, bere normalizazioa izan behar du.

Normalizazio linguistikoak bi parte ditu: Lehenengoa, hizkuntzari berari dagokiona.

Bigarrena, bere erabilerari dagokiona.

Batetik, normalizatzeak badakigu zer esan nahi duen: normak ematea ezin bestekoa den batasuna lortzeko arau batzuk taxutzea.

Atal hau batez ere linguistikoa da; hizkuntzaren azterketaz arduratzen diren pertsona eta erakundeen egitekoa da bereziki: hizkuntzalariena eta, gure kasuan, Euskaltzaindiarena; horretarakoxe sortua izan bait zen, hain zuzen ere, beste ezertarako baino lehen, orain dela hirurogei urte.

Beste aldetik, normalizazioa esatean zera adierazi nahi da: hizkuntza kondizio normaletan jarri nai dela aho-idatzizko bere adierazpen-maila guztietan eta heziketa-atal guztietan eskolaratua; beste era batera esanik, eta funtsezkora labur bilduz: elkarrekin bizi diren hizkuntza guztiak berdintasuneko egoeran jarri behar dira.

Azken eskakizun honek esannahi sozio-politiko argia du noski.

Eta zeintzu dira sozio-politikazko bideok?.

Aski izango da hizkuntzen lantze eta transmititze-bide normalak zeintzu diren azaltzea, haietatik Administrazio publikoari dagozkionak hautatzeko: 1) Gurasoetatik seme-alabetarako famili bidezko transmisioa.

2) Ikastetxeetako irakaskuntza: ikastolak, zentru ofizial eta pribatuak.

3) Alfabetatze eta Euskalduntze Mugimendua gazteen eta helduen artean.

4) Ahozko eta ikus-entzun-idatzizko komunikabideak.

5) Administrazio Publikoa eta Zerbitzu Publikoak.